Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Altzolaras bailarako ibilbidea

Altzolarasko bailarak duen xarma eta lasaitasuna, mendi magal gutxitan sentitu ohi da. Asko gustatzen zait ingurune honek duen ibilbide bat, Txiribogan sartu eta Granada baserrira iritsi artekoa. Mota askotako zuhaitzak ikus daitezke eta antzinako baserri eta historia ugari duten eraikuntzak ere bai.

Hau dena Eganamendi eta Pagoetaren artean dagoen xenda estu honetan aurkitu liteke. Ibilaldia industrializatuta dagoen gunetik hasten da, baina berehala sentitzen da naturak dituen elementuekin duela lotura paisaia honek.

Lurra, airea eta ura, hiru elementu garrantzitsu hauei sua eta burdinarena gehitu behar zaio. Gaur egun sua eta burdina ez dira asko sentitzen, baina bailarak dituen eraikinak ikusi eta nabaria da elementu hauek zer ikusi handia izan dutela atzean utzi ditugun gizaldietan.

Bideari ekin bezain laster, lurra lantzeko soro egokiak ikusten dira. Orain gehienak abeltzaintzan erabiltzen dira, baina garai batean uzta ugari eman duten lurrak ditugu. Hemen ikusten diren baserri gehienak Aizarnako parrokiari zegozkion garai batean. Hauetako batek Urbieta abizenaren jatorria du, armarri eta guzti, orain ez diogu ikusten, berriztatze lanak izango dira errudun, hala ere harri landuekin egindako ate berezi batek, agerian jartzen du antzinen izan duen garrantzia.

Atea bakarrik ez, errota bat ere badu oso gertu, urak duen indarraren eraginez baliatu zena. Elementu hau garraiatzeko erabili zituen kanal eta presaren aztarnak agerian dira oraindik, hormak eta teilatua berriz nahiko hondatuak ikusten dira. Gaur egun duen egoerak ordea ez du zer ikusirik garai batekoarekin, bailarako alea irintzen urte asko egin dituen itxura osoa dauka errota honek.

Bidaiaren zati handiena errekaren ertzean egiten da eta honek daraman uraren garbitasuna ikusteak bertan bainu bat hartzeko irrika sortzen du. Baina oinarekin lehen proba egin ondoren, nik daukaten ausardia baino handiagoa behar du horretarako.

Zuhaitzek duten altuera berriz izugarria da, elikatzeko baldintza egokiak dituzte nonbait, "Gulliverren bidaiak" ipuinean aipatzen diren liliputientsea sentitzen da bat hauen azpian.

Zuhaitzen artean murgilduta goazela bidearen bihurgune batetik irten eta burdinola batekin topo egiten dugu, Bekola edo Altzolaras de Yuso. Burdinola honek zuen turbina uraren indarrak ibiltzen zuen biraka, orain presan dagoen ura gainetik jaurtitzen du, katarata dotoreak irudikatuz.

Antzinako tresneria eta birmoldaketaren aztarnak agerian dira oraindik. Begiratu batekin ezin da jabetu, burdinola honek duen historia luzeaz.

Eraikuntza honek duen historia luzearen lekuko den Bekola baserria utzi eta bi hegaletan diren malda handiei begiratzen jarraitzen dugu beste burdinolara iritsi arte. Bi edo hiru pauso egin ondoren, Goikola edo Altzolaras de Suso izenez ezagutzen dugun burdinolara iristen gara. Behekoak bezala honek ere bailarako egur ikatza erabili zuen burdina lortzeko, minerala berriz Somorrostro eta Castro Urdialeskoa.

Lortzen zuen altzairuak ospe handia izan zuen forjarien artean. Beduako portutik garraiatzen zuten minerala eta altzairu bihurtu ondoren kaia bertatik irteten zen lurralde askotara.

Bideari ekin eta atzera begirada bat eginez agurtzen dugu Antzinako burdinola hau. Ikusi ditugun hondakinak memorizatu ezinik goazela burua zuzendu bezain azkar, beste hondakin bat gure begien aurrean: Altzolaras Jauregiarena. Nahi gabe ere begiak berarengana zuzentzen dira, duen eginera sendoa aztertu nahian. Jauregi bezala lehen aipamena 1542. urtean ezagutzen da, balio handiko eraikuntza bat ikusten dugu hemen erortzeko zorian.

Burdinolek historia luzeagoa dute, baina Jauregiak ere badu berea. Jauntxo ugari bizi izandako etxea dugu , gizon ospetsuen sorlekua ere bai eta Aizarnako elizan dituen edukiei begiratzen badiegu garbi ikus liteke herriarekin izan duen lotura. Ermita errota, soro, mendi eta baserri askoren jabe izandakoa eta atzera begiratzen badugu bailarak izan duen garapenaren bultzatzailea ere bai.

Erreka honen inguruan sortu diren aztarnetako batzuk ikusi eta aztertu ondoren, aurrera jarraitzen dugu, parke naturala izendatuta dagoen ingurumenaren barruan. Zuhaitzen tartetik begiratu eta Erdoizta bailarako mendiak ikusten dira, honek suposatzen digu helburu dugun Granada baserrirako bidearen erdia egina dugula.

Hegaleko maldak duten jarioak laguntzen dute erreka nagusia osatzen, hauek sortzen duten soinu goxoa, ostoak astintzean haizeak eragiten duen doinua eta mota askotako txori kantak entzuten dira hemen . Naturak antolatutako orkestra entzunez denboraren zentzua galdarazten du ibil bide honek.

Aurrera goazen bezala bideak estutu eta basoa nagusitzen hasten dira. Atzean uzten ditugu mendi arte honetako zelaietan dabiltzan ardi eta behiak eta ahuntzak nagusitzen hasten dira. Hauek duten abileziarik gabe baina gu ere mendi maldan gorantz hasten gara, eta zertarako? gizakia histori aurrean bizitako Amalda kobari begirada bat egiteko.

Bidea utzi eta sasi artean eskuinera maldan gora igo behar da bertara iristeko, harkaitz handi baten azpian dago kokatuta Arantzadi erakundeak aztarna ugari aurkitu zituen koba zulo hau. Bertara iritsi ondoren gure arbasoek ehizan egiten zuten pasaiari begirada bat egin eta berriz ere utzitako bidera itzuli beharra dago, aurrera jarraitu nahi badugu behintzat.

Bailara honek baditu koba zulo gehiago ere, baina denak ezin dira ikusi bidaia batean, Amalda ordea, ezin da ikusi gabe utzi, Aizarnako bailara honek duen altxor nagusienetako bat dugu eta.

Bideari jarraitzen badiogu eskuin aldetik gorantz eramaten gaitu eta erreka ikusteari uko egin beharra dago, amuarraina ez bazara behintzat. Aldapa pixka bat igo eta gain batera igotzen gara berehala, Aztui baserriko zelaietara. Hemendik ikusten den panorama handia dugu eta zoragarria benetan, Pagoeta, Altzola bailara, Urdaneta bailara eta harkaitz artean Zarautzera ura garraiatzen duten hodiak sartzean egindako lerroa ere nabaritzen da hemendik.

Aztui baserritik Granada baserrira doan bide zaharrean jarraitzen dugu, bide estu xamarra da baina ez dago inolako eragozpenik, berehala errekaren soinu goxoa entzuten hasten gara berarekin topo egin arte.

Hemen ere errekaren alboan jarraitzen du bideak, eguzkiaren izpiak eragozpen handia dute zuhaitzak zeharkatzerakoan, eta urak daraman argitasuna da nagusi. Begiratu besterik ez dago Zarautzerako urak hartzeko eginda dagoen presak duen saltoari, kristalezko gortina dirudi.

Itzalean jarraitzen du bide estuak eta bat-batean bide ertzean baserri baten hondakinak daude agerian. Errota barrena izenarekin ezagutzen dugu baserri hau, arbel harriarekin egindako zubi txiki polit bat dauka atarian, turbina biraka ibilitako lekua eta presaren aztarnak ez ditu oraindik oihanak irentsi.

Inguruan dituen baserrietako aleak irintzen zituen honek ere,baina hona iristeko egindako bideak estu xamarrak dira denak maldan egindakoak direlako, horregatik pentsatzen dut astoa izango zela tresna nagusia garraiatze lanetarako.

Orain arte udak duen indarra zuzenean erabili zuten hondakinak ikusi ditugu erreka honen inguruan, baina hemen badugu beste bat alderantziz egiten duena. Argi Etxearekin ezagutzen dugu, hodietan garraiatzen du elementu hau mendian behera. Barruan dauden tresneriak argindarra sortzen dute eta zutoin handi batetik irteten dute argindarra garraiatzen duten burdin hariak, Iberdueron zerbitzuekin bat eginez.

Errota Barrena , Argi Etxea eta hurrengoa Granada baserria, ibilbidearen amaiera guretzako. Bidean erre ditugun bitaminak errekuperatzeko leku paregabea dugu hau, erreka honek dituen ur bizi eta azkarretan hazitako amuarrainekin otordu bat eginez. Txiribogan hasi eta xenda honek duen ezaugarriak ikusi eta helmugara iritsi bada merezitakoa izango du eta.

Jon Egiguren

Argazki gehiago eta neurri normalean ikusteko egin klik hemen

Joan artikuluen zerrenda osora>